2013-02-19
D ereduaren igoera makaldu egin da EAEn, eta zerbait jaitsi da Bizkaian
Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban, euskaraz hasiko dira ikasle berrien %78; lau urtean, zenbaki hori hiru puntu soilik igo da
GARIKOITZ GOIKOETXEA
Nagusitasun handiarekin, baina urtez urteko igoera geratzen hasita. D ereduari dagokionez, horra zer ondorio utzi duten Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako aurrematrikulazio datuek. Irailean eskolan hasiko diren ikasleen %77,73k euskara izango dute irakats-hizkuntza. Alde handia dago besteekiko: B ereduan, %19,2 arituko dira, eta A ereduan, %3. Aurreko urteetakoen pareko dira datuak, baina Bizkaian zerbait jaitsi da D eredua. Datuak eskuan, ereduei eusteko asmoa du Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza sailburuak: «Gurasoek nahi duten eredua aukera dezaten bermatzen jarraituko dugu».
Kopuruetan aldaketa handirik ez dago. 2 urteko 18.312 haurrek eman dute izena eskolan hasteko. Aurreko urtean baino 180 gutxiago dira. Jaitsiera txikia da, baina kontuan izatekoa da ume gehiago daudela ikastetxean hasteko moduan; 2.868 haur geratu dira izena eman gabe Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan aurrematrikulazio garaian. Itunpekoaren alde baino gehiagok egin dute sare publikoaren alde, azken urteetan bezala: %53,45ek eskola publikora jo dute.
Ereduetan, alde handiz nagusi da euskarazkoa, baina urteetako gorakada ahultzen hasia da nagusitasuna lortzearekin bat. Azken lau urteetan, hiru puntu soilik handitu da aurrematrikula D ereduan egin dutenen ehunekoa. Orain baino lehen, Nafarroan ere azaldu izan dute kezka hori: D ereduaren gorakada ahultzen ari dela. Hala ere, zerikusirik ez dute Nafarroako datuek Araba, Bizkai eta Gipuzkoakoekin. Iruñeko gobernuak gaur-biharretan emango du aurrematrikulazioen berri.
Hizkuntz egoerari lotuta
Herrialdeko hizkuntz egoerak zuzeneko zerikusia du ereduen egoerarekin. Hala, euskarazko egoerak Araban du pisu txikiena, nagusi izan arren. Aurrematrikulen %60 egin dituzte D ereduan. Joera goranzkoa da: urtebetean, hiru puntu handitu da portzentajea. B eredua da berezitasuna herrialde horretan, besteetan baino pisu handiagoa baitu: %37,6 aurtengo kanpainan. A eredua oso dago mugatua: %2,6k hartu dute. Gipuzkoan, oso bazterreko dira A eta B ereduak —%2,7 eta %3,7, hurrenez hurren—, eta D eredua, oso nagusi: aurten, %93,6k hartu dute. Bi puntu igo da urtebetean.
Bizkaian badaude ñabardurak. D ereduak behera egin du. Txikia da jaitsiera —0,26 puntukoa—, baina esanguratsua, urteetako goranzko joerarekin ez baitator bat. Beste datu bat: A ereduak beste herrialdeetan baino pisu handiagoa dauka Bizkaian: %3,42koa.
No hay comentarios:
Publicar un comentario